XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Entzutezko ulermena
Kultura orokorraren mailan eginiko edozein euskal hizketa ulertzeko gaitasuna eskatuko da.

Gaitasun hori euskal hiztunen hizketa normalari dagokio.

- Mintzamena
Aurreko puntuan aipaturiko hizketa mailan hiztun gisa parte hartzeko gaitasuna eskatuko da.

Fonemen ebakitze zuzenez, azentu eta doinuera onez eta hitz-jariotasun egokiz emanikoa izan behar du hizketak, eta bestelako hizkuntzen interferentzia nabarmenik gabekoa zukako tratamenduan behinik behin.

-Irakurriaren ulermena
Kultura orokorraren mailako prosa-textuak, saiakera arruntak (ez teknikoak), ipuinak, nobelak... abiadura egokian irakurtzeko gaitasuna eskatuko da.

Hiztegiaz baliatu gabe, textuaren hari nagusia eta xehetasunak jasotzeko gaitasuna eskatuko da, nahiz eta tarteka, beharbada, hitz edo esaera bereziren bat ezezaguna gertatu.

- Idazmena
Aurreko puntuan adierazitako mailan, gutunak, artikulu laburrak, textu errazak eta antzekoak idazteko gaitasuna ere eskatuko da.

Ideien segida egokia, perpausen antolaketa zuzena, textuari dagozkion hitzen eta esaeren aukeratzea, morfologia, ortografia, etab. hartuko dira kontutan.

Labur esateko, hizkuntzaren zuzentasuna oinarrizko baldintza bada ere, gutxienezko hizkuntz egokitasuna ere beharrezko izango da.

Alfabetatzearen helburua lau trebetasun hauek lortzea da.

Baina alfabetatzea, bereziki, irakurtzen eta idazten ikasteari dagokio, mintzamena eta ulermena suposatuak bait daude.

Alfabetatzea hiztunentzat da. Baina gure kasuan euskara era desberdinetan hitzegiten da, euskalkiak edo herriko hizkerak erabiltzen bait dira.

Herriko hizkeran ditugun trebetasunetatik euskara batura zubi bat egin behar da, hiztun, irakurle eta idazle guztion komunikabide izan dadin.

Bestalde, mintzamena eta ulermena ez dira egungo oinarrizko kulturak eskatzen duen mailan erabiltzen.

Beraz, mintzamena eta ulermena ere helburutzat hartzen ditugu, landu behar diren trebetasunen barnean.

Trebetasunak mugatzerakoan, oinarrizko kultura aipatu dugu.

Hau da, hain zuzen, trebetasunen norainokoa markatzen duen maila.

Izan ere, hizkuntz trebetasunek ez dute amaierarik, zeren gero eta hobeto eta egokiago mintza, irakur eta idatz bait daiteke beti ere.

Trebetasunen norainokoa eta textuingurua aipaturiko kultura orokorrak eskaintzen dizkigu.